XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Klarak iritsi ahal duenera besoak jasota fregatzen ditu paretak; handik gorakoa, aulkira igota egin behar.

Giltzurrunetako mina du.

Ismael datorkio atzetik, ipurdietan ausikika.

- Heldu kristalei, Ismael!

- Badute premia!

Gelatik kanpora doa Ismael, baina ate-uztarri azpian ezin izan du gorde:

- Zu baino samurragoak egongo ote dira, petrala!

Beheko ezpaina aurreratuta, gora putz egiten du Klarak, ileak kopetatik bereiztearren.

Berak jaten ditu hormetatik astindutako hauts-izpiak.

Hiruzpalau leiho zeramatzala, Ismaeli odola hasi zaio sudurretik, eta sukaldera joan da korrika.

Ez da ezer.

Bost tantona gorri mukizapian.

Irratiaren sintonia aldatu du, Brahmsen zerbait iragartzen zuten programa utziz, eta lehen amaitu gabe utzi behar izandako egunkari zatia irakurtzera eseri da.

Klara oihuka ari zaio, baina haren hitzen soinuak zeharkatu behar dituen hormetako bakoitzak gardentasuna kentzen dio esanari.